musikalanak - biografia - diskografia


BIOGRAFIA

Ramon Lazkanok (Donostia, 1968) pianoa eta konposaketa ikasi zituen Donostiako Musika Kontserbatorio Nagusian,non Goi Mailako Konposaketa Irakasle Agiria lortu baitzuen. Pariseko Goi Mailako Musika Kontserbatorio Nazionalean onarturik, Gipuzkoako Foru Diputazioaren burtsari esker, konposaketa eta orkestraketari ekiten die Alain Bancquart eta Gérard Griseyrekin, Konposaketa Lehen Saria eskuratuz 1990ean. Sasakawa Fundazioaren burtsaduna, konposaketa eta analisia ikasi zituen Montrealen Gilles Tremblayrekin. Parisera itzulian, orkestra zuzendaritza landu zuen Jean-Sébastien Béreau eta Arturo Tamayorekin, baita XX. Mendeko Musika eta Musikologiaren Doktoretza Ikasketen Agiria eskuratu ere Pariseko Ecole des Hautes Etudes en Sciences Sociales-en .

Bere Hitzaurre Bi piano kontzertuarekin, 26 urte dituelarik, Prince Pierre de Monaco Konposaketa Sari ospetsua lortu zuen. Geroxeago, 1997ean, Luciano Berio burutzat duen epaimahaiak Leonard Bernstein - Jerusalen Konposaketa Saria eman zion bere Auhen Kantuak-engatik (Itxaro Bordak euskaratutako testuekin). 2007an, Frantziako Arte Ederren Akademiak Georges Bizet Saria eman dio; Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutuko, Espainiako Kolegioko eta Gaudeamus Fundazioaren sariak ere jaso ditu. Espainiako Gazteen Orkestra Nazionalarekin izandako erresidentziak Madrileko Auditorio Nazionalean eta Berlineko Konzerthausean entzundako lanak konposatzeko aukera eskaini izan zion. Stanford Unibertsitateak bere musika aurkez zezan gonbidatu zuen 1999ean, eta urte berean Luis de Pablo laguntzen du Estrasburgoko Kontserbatorio eta "Musica" Festibalari atxikiko erresidentzian. Erroman bitan egoile izanik (lehenik Espainiako Historia, Arkeologia eta Arte Ederren Akademian burtsaduna, aurrerago Frantziako Akademiako laguna - Villa Medici), bertan musikagintzaz eta egun duen helburuez erreflesioa sakondu ahal izan du, intertestualitate, saturatze, isiltasun eta hotsaren eta denboraren esperientziaren gogoetan gauzatzen baitena, eta lan enblematikoak sortarazi baituena, halanola Ilunkor (Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren enkargua), Lur-Itzalak (Printemps des Arts de Monte Carloko enkargua) eta Ortzi Isilak (Orquesta Nacional de Españaren enkargua).

Hainbat herritan (Frantzia, Alemania, Holanda, Israel, Ukrania, Italia, Espainia, Dinamarka, Erresuma Batua, Errusia, Estatu Batuak, Austria...) eta festibal garrantzitsuetan programatua -esan, Estrasburgoko "Musica", Bruselako Ars Musica, Radio-Franceko Présences, Amsterdameko Gaudeamus Muziekweek, Copenaguen Musika Garaikidearen Nazioarteko Elkartea, Los Angeleseko Philharmonic Green Umbrella New Music Series, Alicanteko Musika Garaikidearen Festibala, ...- bere musika izen zabalduko orkestra eta taldeek jo izan dute, artean Radio Franceko Orkestra Filarmonikoak, Espainiako Orkestra Nazionalak, Los Angeleseko Orkestra Filarmonikoko Bakarlariek, Errusiako Orkestra Nazionaleko Soka Taldeak, Jerusalengo Orkestra Sinfonikoak, RTVEko Orkestra Sinfonikoak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Ensemble Recherche, Accroche Note, Ictus Taldeek, Conjunto Ibérico de Violoncellos-ek, Ensemble Wiener Collage-k... , musikalanok enkargu ugari jaso dutelarik: Radio-France, Estatuarena Frantzian, Espainiako CDCMrena, Londrako ABRSM, Varsoviako Udazken Festibala, Donostiako Musika Hamabostaldia, Orquestra de Cadaqués, Madrileko Erkidegoko Orkestra, ...

Estrasburgoko Kontserbatorio Nazionalean orkestraketa eta Bartzelonan Kataluiniako Musika Eskola Nagusian konposaketa irakatsi izan ditu. Egun, "Musikene" Euskal Herriko Musika Zentro Nagusiko orkestrakuntzako irakasle da. 2003tik, Donostiako Musikaldiko musika garaikideko zikloaren arduraduna da.